‘Arantzazu. 36 zm, 5 Mende, Herri 1’ dokumentala 2.300 ikusleko langa gainditzeko helburuarekin itzuli da aretoetara 2025ean

Iaz 2.300 ikuslerengana iritsi eta 18 udalerritan eskaini ondoren, 2025.urtean ere berriz eskainiko da ‘Arantzazu. 36 zm, 5 Mende, Herri 1’ dokumentala hainbat herritan, otsailetik aurrera Mutrikun eta Tolosan, besteak beste.

Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioak sustatu, Pello Sarasuak zuzendu eta Arteman Komunikazio Agentziak ekoiztutako lan hau 2 urteko lanaren emaitza da, EITB zein Berria komunikazio taldeen babesa eta bultzadarekin. Jende askok Arantzazu ezagutzen du, eta horiei gogora ekartzen dizkie beraien bizipenak eta Euskal Herriko hainbat une esanguratsu, adibidez, euskara batuaren sorrera prozesua. Ezagutzen ez dutenak, aldiz, herri-sinbolo den Arantzazuk Euskal Herriari egin eta egiten dion ekarpenaz jabetzen dira. Ondare immateriala deritzogun elkarrizketa eta herri-testigantzen bidez jasoa, balio sozial eta historiko izugarria du.

Ibilbide oparoa izan zuen 2024.urtean dokumentalak, mugarrietako batzuk izan dira ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia eta Durangoko Azoka. Orain, dokumentalaren hedapen fase berri bat hasi da martxan, Euskal Herriko zine-aretoetan barrena erakusteko. www.arantzazudokumentala.eus atarian topa daiteke dokumentalaren sinopsia, trailerra, eskainitako nahiz hurrengo emanaldiak, hedabideen artikuluak, ikusleen ekarpenak eta baita kontratazio-baldintzak ere.