ETB-ra egingo du jauzi ‘Arantzazu. 36 zm, 5 mende, herri bat’ dokumentalak emanaldi-biran 21 udalerri igaro ostean

Arantzazulab-ek sustatutako lanak Arantzazuko ekarpen soziala, kulturala eta
espirituala ezagutzera eman du hamaika zinema-aretotan, eta 3.000 ikusle bildu ditu.
2025eko azken emanaldia, momentuz, Donapaleukoa (Nafarroa Behera) izan da; Herri
txiki zein hiri handietan eskaini da, besteak beste, Donostian, Bilbon edota Gasteizen.
Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Filmotekaren Madrilgo Dore zineman eta
Valladolideko Casablanca zineman ere ikusgai izan da.

— Arantzazu (Oñati), 2025eko azaroak 17
ZINEBI-Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdian aurre-estreinatu zenetik,
ibilbide ederra bizi izan du Arantzazuko ekarpen sozial, kultural eta espiritualei buruzko irakurketa
intimoa jaso duen dokumentalak. Izan ere, emanaldi birak 3.000 ikusle bildu ditu 2023ko azarotik
hona. Ikus-entzunezko lana 21 udalerritan izan da ikusgai. Euskal Herriko herri txikietatik hasi
—Elduain, Araia edo Segura- eta Donostia, Bilbo edota Gasteiz hirietaraino iristeko borondatea
izan da. Udalerri aniztasun horretan jasotako erantzunak argi utzi du dokumentalak hirigune
handietatik haragoko herritarren interesa piztu duela.

ZINEBI eta Arantzazuko Gandiaga Topaguneko aurkezpen instituzionalaren ondotik, Durango
Azokakoa izan zen 2023ko azken emanaldia. 2024an, hain justu, izan ziren saiorik gehientsuenak:
17 emanaldi. Euskal Herrian ez ezik, Espainiako Filmotekaren Madrilgo Dore zineman eta
Valladolideko Casablanca zineman ere ikusgai izan da. 2025eko emanaldien artean 3
nabarmendu daitezke: Tolosakoa (Gipuzkoa), Bermeokoa (Bizkaia) eta Donapaleukoa (Nafarroa
Behera). Izan ere, hiru udalerri hauek lotura estu-estua dute Arantzazurekin, bertan
frantziskotarrek presentzia eduki dutelako edota oraindik dutelako. Berriki, Donapaleuko Bideak
kultur gunean arratsalde osoa eskaini diote “Donapaleuko frantziskanoen” historiari azken
fraidearen lekukotasunarekin eta Arantzazu dokumentalaren emanaldiarekin.

Ikusleek bikain erantzun dute, eta bere ibilian harrera goxoa egin diote Arantzazulab-Arantzazu Gaur
Fundazioak sustatutako lanari. Pello Sarasuak zuzendua, Arteman Komunikazio Agentziak ekoitzi
du, eta EITB zein Berria komunikazio taldeen babesa eta bultzada ditu. Zintak, hain justu,
telebistara egingo du jauzi EITB-ren eskutik. Euskal Telebistak hurrengo ostegunean, azaroak 20,
(22:15) ETB1-en
eskainiko du dokumentala. Halaber, Primeran plataforman ere ikusgai izango da.

Arantzazuko ondarea sustatzea eta ezagutzera ematea ditu helburu. Udalerri askotan
proiekzioarekin batera solasaldiak ere antolatu dira ikus-entzunezko lanarekin lotura zuzena duten
hainbat pertsonekin, esate baterako: Pello Sarasua, Arantzazuko frantziskotarrak, dokumentalean
parte hartzen duten pertsonak edota Arantzazulab zein Artemaneko kideak. Saio horiek
herritarrekin, herri agintariekin eta kultur elkarteen kideekin eragin duten elkarrizketak balio
handikoak izan dira Arantzazu ikur gisa eta erreferentetzat duten askorentzat.

Emanaldi-biraren baitan hainbat une berezi bizi izan dira: batetik, zenbait udalerritan Arantzazuko
Frantziskotarren Anaidiak duen esangurarengatik; bestetik, hitzorduaren formatuarengatik. Honen
isla da Oñatiko herri-ekitaldia, Eñaut Elorrietak musikatu zuena Bitoriano Gandiagaren olerkiak ere
txertatuta. Halaber, hezkuntza zentroen interesa ikusita, emanaldia eskaini da Euskadiko Arte eta
Goi-mailako Diseinu Eskola Publikoko (IDARTE) ikasleentzat Gasteizko Vital Fundazioaren
Kulturunean -Dendaraba-. Dokumentalaren informazioa osoa (ikusleen ekarpenak, hedabideen
berriak, artikuluak eta abar) www.arantzazudokumentala.eus atari digitalean topa daiteke.

Inoiz jaso gabeko ondare immateriala
Fraide frantziskotarrek 500 urtetik gora daramatzate Arantzazun, Andra Mariaren irudia aurkitu
zenetik. Beraien motibazio erlijiosotik, ondare immaterial baliotsua eman diote herriari,
frantziskotarrentzat Anaidia, komentua ez ezik, gizartea ere badelako, Euskal Herria, mundua.
Horregatik ari dira herrigintzan, modu etengabean, berrikuntza sustatuz, ausardiaz. Arantzazuko
frantziskotarrek herriarekin duten lotura, egindako ekarpenak alor ezberdinetan eta hori beren
espiritualtasunarekin nola lotzen den ezagutzera emateko, 70 minutuko dokumentala ondu da zazpi
frantziskotar (Joxe Mari Arregi, Juan Miguel Dorronsoro, Juan Ignacio Larrea, Angel Txabarri,
Manolo Pagola, Paulo Agirrebaltzategi) eta Arantzazurekin modu batean edo bestean harreman
esanguratsua izan duten hainbat pertsonen testigantzekin (Joseba Intxausti, 1936-2023,
dokumentala edizio fasean zela zendua; Lorea Agirre, Jon Sarasua, Izaskun Andonegi, Miguel Angel
Alonso del Val, Jose Ramon Beloki, Miren Elgarresta, Xabier Euzkitze, Marije Goikoetxea eta Alazne
Guridi).

Arantzazulab-Arantzazu Gaur Fundazioaren aktibitate nagusia demokraziaren berrikuntzarako
laborategia bada ere, Arantzazuko ondarea sustatzeko eta eraberritzeko prozesua bultzatzea,
dinamizatzea, kudeatzea eta koordinatzea ere fundazioaren egitekoa da. Hain justu, marko
horretan kokatzen da dokumentala. Jakina da ondarea forma ezberdinetan aurkeztu ohi dela, baita
era immaterialean ere, esate baterako, herri-testigantzen bidez, balio sozial eta historiko izugarria
dituztenak. Fundazioak horiei erreparatu, eta frantziskotarren bizi-istoriok jasotzeko egitasmoa
abiatu zuen.

Frantziskotarrekin elkarlan estuan, entzute ariketa sakona egin zen, testigantza-sorta gordailu gisa
jasota gera zedin, irudiz nahiz soinuz. Kristau espiritualtasuna, Humanismoa, Artea, Natura, Euskara
eta Kulturaren gaiek egituratu zuten 2022an izandako solasaldiek. Jasotakoaren balio handiaz
jabetuta, 2023an artxibo-lana dokumental gisan gizarteratzen hasi zen, aipatutako frantziskotarren
eta gainontzeko elkarrizketatuen bizipenak uztartuta.